XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai tratu txar fisikoa, nola psikikoa, gizarte maila guztietan azaltzen dira, haatik, lehenengoak maizago gertatzen dira baliabide ekonomiko apalenak dituzten gizonezkoetan.

Eta tratu txar psikikoa, berriz, gehienbat famili unitatera nahikoa diru eramaten duten gizonezkoen ekintza izaten da.

Eta horien eraginez, hain zuzen ere, eraso psikikoa zorrotzagoa eta landuagoa baita, emakumearen borondatea, oreka eta segurtasuna higatuz joango da.

Tratu txar mota honen egilea goi mailako eta hitzjario handiko gizonezkoa izan ohi da.

INDARKERIAZKO GIROAN BIZI DIREN HAURRAK

Emakumeenganako tratu txarrak izaten diren familietan oso normala izaten da seme-alabak edukitzea.

Eta horixe da kezkagarria, haur horien bizitza, familia barruan izaten diren eraso eta tratu txarrez betetako giroan pasatzen delako, eta okerrago oraindik, era horretako ia etxe guztietan umeek ere tratu txarrak jasan behar dituztelako.

Ingurune erasokor horretan, non igarotzen baita lehen aldiko sozializazioa, dena kontraesaneko aginduz, jarrerez eta ereduz beteta dagoenez haurrak nahasi egiten dira, segurtasuna galtzen dute eta etsipenean erortzen dira.

Halako pertsona helduekin bizitzeak, hain egoera txarkituan, non beti liskarrean, hitzezko erasora edo fisikora sarri heltzen baitira, atarramendu txarrik ugari ekarriko dizkio haurrari, helduen bizitza eta bikotearen harremanen irudiari dagokionean.

Giro horretan dauden haurrek mehatxuz betetako mundu bat bizi dute, segurtasunik gabekoa, sendimenduzko tinkotasunik eskaintzen ez dien ama batekin, eta ikusiaz bat beldurrez ikaran jartzen dituen aita batekin (32). Herrera Rivera, Alicia. Mujeres Maltratadas. Emakumea eta Gizarte Zerbitzuak. Dokumentuak saila, 5. Kultura Ministeritza. Emakumearen Institutua. 1984eko irailean.

Aditu batzuek adierazten dute amarenganako tratu txarrek esanahi ezberdina izan dezaketela mutiko batentzat eta neskato batentzat.

Esan beharrik ez dago hori kontuan edukitzekoa dela gero horiekin lan egiteko.

Biak, mutikoa zein neskatoa, gizonaren eta emakumearen eginkizuna onartzera behartuak daude, eta eginkizun horretan gizonezkoaren basakeria da nagusi.

Tratu txarra da, halaber, aitak ama nola iraintzen duen eta zer tratu txarra ematen dion ikustea, edo senideek ere zer tratu txarrak hartzen dituzten ikustea, hau da hitz gutxitan esanda, basakeriaren mehatxu amaigabea.

Neskatoentzat heziketa lotsagarria da aitak amaren aurka darabilen basakeria ikustea.

Haurrak berak ere sufritu egiten du hainbeste maite duen ama horrek pairatzen duen laidoa, eta hor sortzen da umearengan emakume ahularenganako mespretxuaren hazia, umea ezin delako harekin identifikatu.

Askotan ama, senarrak tratu txarrez eta laidoz betea, laguntza eske joango da seme-alabengana, aitak ematen dizkion atsekabe guztiak kontatuko dizkie, eta agian ustekabez, aliatutzat hartuko ditu.

Seme-alaba batzu amaren alde jartzen dira kementsu, berak eskatu gabe, ez baitute aitaren basakeria ulertzen eta geroago kozkortzen direnean aurre egiten diote aitari.

Zernahi gisaz, bizimodu latza da haurrentzat, haien nortasuna erabat ukitzen duena, (...).